Inuksuit
Modu askotara deskribatu daiteke gaur egungo mundua: likidoa, errogabea, aldaketa klimatikoaren eragile bezain biktima, paradigma aldaera latz baten ondorengoa… Baina bai gizarteak bai gizabanakook artearen beharra dugu oraindik ere, oxigenoa bezala, biziko bagara. Metafora bat behar dugu, mundua nolakoa den, mundua zertan den argitzen lagunduko diguna, eta hori sarritan literaturaren bidez datorkigu. Esperantza izpi bat sikiera, etorkizunaren orrialde zuria irudikatzeko.
Modu askotakoa da sortzaileon lana, baina oinarrizko hitz komun bat bilatzen hasiz gero, geure mundutxoan beharbada bakardadea nabarmendu daiteke: nor bere ahotsaren, nor bere koloreen, nor bere noten bila dabil. Baina gizartearen barnean, eta gizartearentzat: horregatik izan gaitezke bakarti, baiki, baina bakarti sozialak.
Bakarkakoa baita sortzailearen lana. Idatzizkoa. Kromatikoa. Musikala. Bestelakoa. Eta gaur egungo gizarteak aukera paregabeak eskaintzen dizkigu diziplina desberdinak elkartzeko, elkarrekin aritzeko eta sortzeko.
Azken hamarkadaotan, espiritu hori aldarrikatu izan dut, batez ere musikari batekin agertokian izan naizenean, noten zirrara haragian barrena sumatu dudanean, edota margolari baten pintzelaren hotsa entzun dudanean, edo dantzari baten urratsena. Antzeko zerbait egin genuen udaberrian –eta eskaini– Zarautzen, hango
Literaturia jaialdiaren barnean: bertan, Mintxo Cemillán pintorearekin batera, Antton Valverde kantari-pianistarekin eta Maddi Oihenart kantariarekin elkartu nintzen. Artea ospatzeko, artea aldarrikatzeko.
Ekitaldiaren izenburua inuksuit hitza izan zen: inuksuit, hain zuzen ere Ipar Poloan, ehiztari inuitek, tundra amaigabeetan urruntzen direnean, harri biribilak eta granito zatiak bildurik, giza itxurako mugarri handiak eraikitzen dituztelako: inuksuit-ak dira eta, distantzian desagertu baino lehen, ehiztariek beste inuksuit bat eraikiko dute, beste eskultura bat, beste orientazio puntu bat, bereziki elur-izotzetan herrixkara onik itzuli ahal izateko. Hau da, norberaren heziketa sentimentalean ere badira mugarri gertatzen diren liburuak, eta diskoak, eta artelanak… Horiekin egiten dugu aurrera. Eta horixe proposatu nion Mintxo lagunari. Denon artean idatzi, kantatu, margotu genezala inuksuit bat.
Saioa benetan hunkigarria gertatu zen eta, gainera, ez zen airean lurrundu: joan ziren ahotsak, desagertu ziren notak, baina koadroa hortxe geratu zen. Horrexegatik joan nintzaion Mintxori, bere lantegian koadroa jasotzera, eta konturatu gabe halako performance poetiko-piktoriko bat sortu nuen gure Gasteizen barrena.
Koadroa etxera eraman nuen. Laster, Zarautzera berriro garraiatzeko, hango lagunen esku uzteko, baina batez ere zure bihotzera eramateko.
Beste modu batera adieraztearren, Laura Esquivelek
Como agua para chocolate nobelan –edo filmean— dio pertsona bakoitzak pospolo kaxatxo bat daukala bihotzean, eta norberak dakiela bere pospolo propioak nola piztu: kontzertu batera joanda, lagunarteko afari batekin, bidaia batekin… Idazle mexikarrak argitzen du modu horretan arima energiaz betetzen zaigula, baina adi eta erne ibili beharra daukagula: noizean behin pospoloren bat piztu ezean, kaxatxoa umeldu egingo zaigu, hezetasunak hartuko du eta, orduan…, orduan ezin izango dugu pospolo gehiago piztu.
Zaindu zure inuksuitak.
(c) Patxi Zubizarreta, testua