martes, marzo 24, 2026
Euskera

Umandi aldarrikatuz

Naturak kapritxoa izaten du noizean behin, eta soin txikiko gizon-emakumeak forjatzen ditu, bizitzan zeharreko bilakaeran erraldoi bihurtzen direnak. Euskal memoria kolektiboan, Jose Miguel de Barandiaran agertzen da lehenik. Gorputz txikia, balentria handiak. Beste adibide bat, lehenengoaren garaikidea, Andoni Urrestarazu “Umandi” da, Araiakoa, arabarra, benetako borrokalaria berak funtsezkotzat jotzen zuenaren alde: bere hizkuntza zaharrean oinarritutako kultura. Bi gizonak ezagutzeko pribilegio handia izan nuen, eta ohore handia da niretzat haien lagun izana.

Duela egun batzuk albiste bat jaso nuen, lerro hauekin batera doan argazkiarekin. Eta izututa geratu nintzen. Bere garaian Jesus Mari Alegria “Pinttu”-k Jose Karlos Marcote margolariari eskatutako obra bat da, 1990ean Araian arte garaikideko museo bat sortzeko hark abian jarri zuen proiektu baten barruan. Museoaren helburua bikoitza zen: Umandi euskaltzalea omentzea, eta Araia kultura eta artearen gune bihurtzea. Hogeita bost artista, besteak beste, Nestor Basterretxea, Josetxu Aguirre, Iñaki Cerrajería eta Daniel Castillejo bezalakoak, batu ziren proiektura. 

Hiru hamarkada geroago, 1990ean Umandi Araiako Seme Kuttun izendatu zutela oroitzeko sortutako margolana, eta museoaren bildumara gehitu behar zena, antzinako ziega izandako gela batean dago ahaztuta, euskarazale handiaren ahoa zinta itsasgarriz estalita —basakeria kulturalaren erakusgarri argia—. Uste nuen Araiako udal agintarien sentsibilitate kulturala maila altuagoan zegoela. Argazki honek zalantzan jarri nau.

Euskararen alde gutxik bezala borrokatu zuen gizona, hemen eta atzerrian gure Herriaren errealitatea zabaltzeari bizitza eskaini zion gizakumea, bertako eta kanpoko erakunderen sariak jaso zituena, herrien arteko bakea bere indar guztiarekin sustatu zuena, Gazteizko ikastola bati izena eman zion pertsonaia erraldoia… horrek, Umandik, pertsona zintzo guztien errespetua merezi du, bere herrikideena barne.

© Josemari Velez de Mendizabal, testua eta argazkia

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *