Aldecoa Ipuin Jaialdiaren 3. edizioaz
“Ez gertakarien erritmoaz: ipuina hitzaren erritmoaz egiten da”, zioen Ignacio Aldecoak gure Jaialdiaren zio nagusi den genero literarioaz. Horixe da, hain zuzen ere, aurtengo Aldecoa Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiaren lema, gainera. Eta azalpen horretan, bistan denez, HITZA nabarmentzen da, egungo egoera gero eta korapilotsuagoetan hainbeste behar dugun hori: literaturaren muinean egon beharko lukeen hizkuntzaren, idazkeraren zentraltasuna. Azkarregi, eta, horixe, gertakarien eta berri faltsuen dantzan mugitzen den gaurkotasunari, irakurketa patxadatsuaren erritmoa kontrajarriz. Dohaina, eta doinua. Ipuinaren itxurazko apaltasunetik abiatuta, betiere.
Ipuinarena genero literario bat da, anbizioa duena, bere laburtasunetik abiatuta, bere irakurleen gogoaren barruan hazteko, hunkitu eta gogoeta eginaraziko diguten istorioak ehunduz, ia beti mainstream editorialaren zurrunbilotik urrun: literatura onaren ertzetatik.
Eta gure Jaialdiak, aurten bere hirugarren ediziora iritsiko denak, bat egiten du xede horrekin, hau da, ipuinaren errotiko apaltasun horrekin, baina baita aurrera egiten jarraitzeko anbizioarekin ere. Eta horretarako, generoan ospea duten egileak erakartzen jarraituko dugu: aurreko edizioetan Cristina Fernández Cubas, José María Merino, Joseba Sarrionandia edo Eloy Tizón bezalako goi mailako figurak entzuteko aukera izan bagenuen, aurten gure herrikide Juan Garzia, Clara Obligado argentinarra edo Manuel Rivas galiziarra izango ditugu gure artean, zeinen ibilbide luze eta oparoek, besteak beste, ipuingintzak literatura garaikidean duen garrantziaren fede ematen baitute.
Eta, jakina, gaurkotasunari adi jarraitzen dugu, joera berriei, gaur egungo narratiba laburra lantzen duen esparru hori gidatzen duten ahotsei: aurreko urteetan gurekin izan ziren Maria Fernanda Ampuero, Jon Bilbao, Harkaitz Cano, Ana Malagon, Elvira Navarro, Pedro Ugarte edo Tina Vallès gisakoak, eta oraingoan luxua izango da Uxue Alberdi –egungo euskal literaturako ahots ezagunenetako bat–, Valeria Correa Fiz argentinarra –narratzaile izateaz gain poeta eskarmentuduna–, edo Fernanda Trías uruguaitarra, aste hauetan Penintsulan zehar bere azken ipuin liburua, Miembro fantasma, aurkezten arituko dena. Egile berrien artean Irene Reyes-Noguerol edo Xan Idiart bezalako izenak ahaztu gabe, ipuinaren mundua zerbaitengatik nabarmentzen bada bere aniztasunagatik eta dinamismoagatik delako: aspaldiko tradizioa etengabe berritzen duen generoa da, ahots berriekin, edo ahots ez horren berrien esperimentatzeko eta jolasteko grinarekin.
Jaialdi honen asmo xume bezain arroen artean norabide diferenteetan hazten jarraitzea dago, hitzaldi eta mahai-inguruen formatutik haratago joz alegia. Hala, aurreko urteetan Mariasun Landak eta Joxemari Iturraldek lortutako arrakastaren ondoren, aurten Yurre Ugarte idazle eta gidoilariak eskainiko duen euskarazko ipuin tailerraren aldeko apustua berrituko dugu. Edo musikaren eta ipuinaren arteko loturarekin, iaz Eider Rodriguezen eta Verde Pratoren eskutik zena, eta edizio honetan Uxue Alberdiren eta Eñaut Elorrieta abeslariaren arteko aliantzak ekarriko diguna. Edo ipuinaren eta zinemaren artean, José Ovejero idazle ezagunak egingo digun proposamenetik abiatuta (bere ipuin batean oinarritutako laburmetraia baten proiekzioaren osteko solasaldian). Bestalde, Fernando Garriga argentinarra, Aldecoa Sariaren irabazlea, ere izango dugu bere lana aurkezten, Santuario, eta bertako ipuinetako bat irakurtzen, Fulgencio Pimentel argitaletxeko César Sánchez buruarekin batera.
Edozein modutan ere, Jaialdia ez da askotarikoa soilik gaiei eta formatuei dagokienean, baizik eta baita geografikoki ere: aurten, Gasteizen ez ezik, Laudion ere ekitaldi bat izango dugu, aurtengo Aldecoa bekaren emaitza den liburua aurkeztuko duen mahai-ingurua, Ruben Sanchez egileak Patxi Iturregi eta Txani Rodriguez idazle ezagunekin partekatuko duena: euskal ipuingintzaren zientzia-fikziorako azken aldiko jitea izango dute mintzagai. Azken batean, Gasteiz ez ezik, Araba osoa delako Ipuinaren Lurraldea.
© Iban Zaldua González, Ipuin Jaialdiko zuzendaria, testua; PPO, azaleko irudia
