Itxaroten gaituen eternitatea
Iruditzen zait giza arraza naturaren absurdu bat dela. Madarikatua bedi, tximino ezezagun hura bere hanketan altxatu eta gaur egunera eraman gaituen eboluzio prozesu bati ekin zion ordua. Natura ez da oso jakintsua izan, emaitzak ikusita.
Alcala de Henaresko gotzain emeritua, bere homilian apaiz atzerakoi eta faxista gogorarazten duten adierazpen horiek egin zituena, naturaren nahasteari leporatzen dio pertsona batzuen ezintasuna. Jauna, berori oker dago ikuspegian: geu gara, gure eguneroko praktiken bidez, bide onetik joan gaitezen erabateko ezintasuna moldatzen ari garenok. Bekatu handia, apaiz jauna, geu gara.
Jainkoari leporatu behar al diogu, “bere ontasun infinituan”, adibidez, Gazako biztanleen birrintzea eta sarraskia baimendu izana? Nola da posible, askatasunaren izenean, hiltzaileek bezala pentsatzen ez duten guztiak akabatu ahal izatea, “zuzenen” aldetik isiltasuna den bitartean?
Zer esan daiteke gizartearen erreakzioaz? Lerro hauek idazten ditudan bitartean, eta demagogia egin nahi gabe, 60.000 zale ingeles baino gehiago heldu dira Bilbora futbol partidu bat ikustera. Nire ulermen-gaitasun mugaturako: aluzinagarria!. Horretarako ari gara mobilizatzen, eta ez al dago adostasunik edo borondaterik, ikusten ari garen genozidioaren aurka protesta egiteko?
Nik ez dut biziko, baina berrogeita hamar urte barru —gizadiak irauten badu— Gazako Zerrendan tragikoki hildakoak oroitzeko ospakizunak egingo dira. Hipokresia, faltsukeria… eta pertsonen berezko gaitasun ezaren erakuspen osoa! Gotzain jauna: berorrek dioen bezala, gizona eta emakumea Jainkoak bere irudi eta antzera sortuak izan badira.. A zer eternitatek itxaroten gaituen!
(c) Josemari Velez de Mendízabal, testua; azaleko argazkia, IA