Herria Berrinbentatzen
Urriaren lehen egunetan Gasteizen izandako Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren barruan, euskal gizarteak momentu honetan duen (edo izan beharko lukeen) gai interesgarrienetako bat aurkeztu da, eta hori gure lurraldearekiko, gure habitatarekiko konpromisoa baino ez da. Gaia berez dagoeneko zaila bada mundu mailan, ez da gutxiagorik hurbileneko lurraldera mugatzen garenean, hots, egunero zapaltzen dugun horretara.
Lurraldetaz orokorrean hitz egiten dugunean europarrari, estatuari, eskualdeari, udalari, baita bizi garen auzoari ere ari gaitezke. Eta bistan denez, horietako bakoitzaren aldeko konpromisoa ezberdina da. Zirkulu zentrokideen formula da. Intentsitate ezberdineko indar konprometitzaileak daude, bizitegi hutsetik hasi eta emozionaltasun sakonenetaraino, erabateko kidetasun sentimenduarekin. Horregatik beragatik, herritar guztiek ez dute modu berean ulertzen lurralde kontzeptua.
Lehen zirkulu bat konpromiso sozialarekin behar adina atxikitua ez dagoenean, lurraldea lausotu egiten da eta kohesioa zailtzen duten mugak agertzen hasten dira. Eta ez dago garapenik lurraldeari bizia emateko baldintzak betetzen ez badira. Konpromisorik gabe ez da ongizate sozialik izango, eta ongizate hori ez da faktore ekonomikoak soilik ematen. Harreman soziokulturalak oinarrizkoak dira. Bestela lurraldearekiko atxikimendurik ezak galaraziko gaitu.
Sortzen ari diren indarrak badirela eta borondate dagoenean proiektu interesgarriak artikulatu daitezkeela egiaztatzen dela pentsatuz, duela hamarkada asko gizaldietako nortasuna galdu zuen Arabako herrixka baten garapen soziokulturalerako plataforma bat prestatu dugu.
Urtegiarekin, Uribarri Ganboa gehienbat landa-herria izatetik nekazaritzari eutsi ziotenak (gutxi) eta euren lan egutegia betetzeko hiriburura joan-etorrien artean mugitzen zen beste giza-talde txikiago baten multzo izatera igaro zen. Apurka-apurka bere nortasuna galdu zuen, astero bisitari mordoa jasoz, herritarren bizimodu zaharretik eta eguneroko errealitateari aurre egiteko geratzen zitzaion adore eta indar apurra areago ahultzen zutenak.
Ia-ia itzulerarik gabeko puntu batera iritsi da Uribarri Ganboa, zurrunbilo ekonomiko espekulatibo batek ere bultzatuta, herria higiezinen inbertsio ero baterako leku aproposa zela ikusi zuena. Indar negatibo hauek auzokideen izateko moduan eragin zuten, eta ondorioz, era batera edo bestera jatorriz herriari lotuta daudenak euren identitate-elementuak abandonatu eta ahaztera eraman zituzten, etorri berrien erabateko ezjakintasunari gehitu behar zitzaiona.
Baina herria berrindartu behar dela uste duten uribarritar batzuek egoera hori aztertu ondoren, etorkizunerako bokazioa duen kultura elkarte bat sortzea erabaki da. Horren baitara bilduko dira lurralde txiki horren garapen integralean interesa duten guztiak, kolektiboaren gizarte bizitza suspertze aldera, kohesioa errealitatea izan dadin ezinbesteko faktorea dena.
Enpresa eder baten abiapuntuan gaude. Aurrera begira ari gara eta espero dugu eskura ditugun tresnak zauriak sendatu nahi dituen Arabako herri honen ibilbidea zuzentzeko balio izatea.
(c) Josemari Velez de Mendizabal, testua; Eusko Ikaskuntza, argazkia