Iokin Zaitegi euskal kixote erraldoia
Iokin Zaitegi euskaltzale erraldoiari buruzko biografia idatzi nuen 1981ean, eta liburua hilabete lehenago Arrasaten aurkeztu ondoren, Gasteizko Kultura Etxera ekarri nuen. Euskalgintzaren hiru pertsonalitate handik lagundu zidaten mahaian. Luxua: Koldo Mitxelena, Enrike Knörr eta Juan San Martin. 1982ko urtarrilaren 20an izan zen. Aretoa betetzen zuen entzuleez gain, Radio Vitoriak zuzenean eskaini zuen saioa.

Aurten ehun eta hogei urte dira Zaitegi jaio zela eta idazle/itzultzaile/kultura eragile/josulagun/apaiz eta abar izan zen gizon hartaz oroitzen naizen guztietan legez, eskerroneko sentimendua pizten da nigan oraintxe ere, hura izan baitzen hein handi batean – berarekin euskaltzaletasunaren gurutze bidean topo eginda- argi dorre bailitzan modu aproposean gidatu ninduena. Ez ziren urte asko izan, baina bai intentsuak. Euskalgintzan hasberria nintzelarik, 1972 urtearen hondarretan geunden, eta Arrasatera Guatemalatik heldu berri genuen Zaitegik halako xarma berezia irradiatzen zuen niretzat, berarekin zuzeneko langintzari urtebete inguru beranduago heldu banion ere. 1979ko abuztuan hil arte ordu ugari luze eta goxo eman genituen elkarrekin. Baita lan praktikoak burutu ere.
Ezagutu nuen Zaitegi idazlea, bere esparru literarioaren jorratzaile aparta. Lumaren bidez borroka emantzipatzailea azken punturaino eraman zuen arrasatearrak. Borroka heroikoa, epikoa. Baina gizarteak huts egin zion, kezka desberdinek arreta desbideratua, nonbait. Zaitegi garai okerrean jaio ote zen ere galdegin diot inoiz edo inoiz nire buruari. Baina ez dut erantzun borobilik aurkitu eta horrek abiapuntu berdinera eramaten nau, historian dagokigun espazioko nolakotasunen seme-alabak garela pentsatzera, alegia. Gure bideak gurutzatu orduko Zaitegiren ekarpena amaierako azken lerroak idazten ari zen. Poeta handia, idazle eta sortzaile trebea bere produkzioaren koadernoa ixten ari zen. Hala eta guztiz ere, euskararen defentsa etengabean egitasmo berriak diseinatzera ausartzen zen, frankismoaren diktaduratik askatzen ari zen gizarte hark norabide desberdinera begiratzen zuela igarri gabe.
Lagun izan nuen Zaitegi itzultzailea. Hizkuntza arrotzetik euskarara bihurtzeko bere baitan txertatutako hiztegi aberats ikaragarria erabiltzen zuen langile porrokatua izan zen Iokin. Paper orri zuritan esaera bakar bat hamaika moldetan itzul zezakeen literatoa genuen, urte luzetako ondorio argia, jakina. Arrasateko Erdiko Kaleko bere langelako desordenan han eta hemen barreiatutako ehunka esku izkribu solteak lan eskergaren adierazpen garbia ziren. Hizki ederrez idatzita, bere lanen orijinalak ziren! Han ibiltzen ginen gero biok, txukun-txukun ordenatzen, liburu gisa atera zezan Felipe Alkorta argitaratzaileari bidali aurretik.
Tratatu nuen Zaitegi erlijiosoa. Josu Lagundian hezia, erlijioaren pragmatismoaz zipriztindua egongo zela pentsatuko genuen. Baina Zaitegi desberdina zen. Edozein solasaldi eten zezakeen otoitz isilari ekiteko. Eta ahaztuko zen solaskideaz, gela berdinean egon arren. Baina ez zen mistiko, bere aszetismo erlatibotik begiratze mistikoa denbora alperrik galtzetzat jotzen baitzuen. Eta aszeta erlatibo idatzi dut, ez baitzuen Jainkoaren aintzarengatik soilik lanik egiten, Zaitegik utzitako altxor kulturalak garbi asko adierazten duen moduan. Mistikoen antzera, ordea, zalantzan ipintzen zuen batzuetan bera hil ondoren zeruetako erreinura iritsiko ote zen. Eta Zaitegiren mistizismoaren beste keinu bat daiteke arrazionaltasun ekonomikoaren kontrako bere jarrera kronikoa. Baina, hala ere, urruti zegoen mistikoetatik, Platonen gaineko aditua zenez gero egiaren objektibitateaz amets egiten baitzuen eta haren bilakuntzan jardun zuen Zaitegik eten gabe.
Adiskide izan nuen Zaitegi hiztun aparta. Kultura unibertsalaz bikain jantzia gauza zen orduak emateko bere gustuko gaietaz. Ezagutu ditudan pertsona kulturadunetatik gehien harritu nauena izan dela esango nuke. Klasikoen ezagutzan tinko jarria, koherentzia ematen zien bere irizpideei, Sofokles, Euripides eta abarren iturriek hondar aberatsa utzi zutelarik bere izpirituan. Bizitza osoa eskaini zion ikasketari, arrazoitzeari, eta bera bere burua “buru langiletzat” hartzen zuen, horren adierazpenak noraino behartzen zuen arras jabetuta.
Zaitegi euskaltzale eta abertzalea izan zen. Euskadi bere aberria zen – “Euskadi eta kito!” esan ohi zuen- baina harenganako bere maitasuna ez zen hitz arranditsutan edota – bere hitza erabiltzearren- oturuntzetan erakusten, erbesteratze luzeko pena garratzetan baino. Aldarrikapenetan apostolua izan zen – berak “Bidalia” idatzi zuen- eta euskalgintzako gudaria. Euskadirengatik gaztaroko poeta hura kazetari bilakatu zen, argitaratzaile, eragile, euskararen aldeko doktrinario eta borrokalaria.
© Josemari Velez de Mendizabal, testua eta argazkiak
