viernes, febrero 13, 2026
Euskera

José Ángel Cuerda, alkate hori!

Omenaldi xume bat egin berri diote Gasteizko hiritarrek, marka politikoen ohiko joko lotsagarriaren aurrean, bere kargu publikotik hiriaren ongizatea lehenetsi beharraz inoiz zalantzan jarri ez zuen gizon bati. Urrezko Zeledonen Urrezko aldizkariaren ale berezi baten protagonista izan da Jose Angel Cuerda , eta aurkezpen soil bat izan nahi zuena hogei urtez alkate izan zen gizonarekiko esker oneko herriaren erakustaldi bihurtu zen. 

Cuerda, bere izaera pertsonalaren eta bere konpromiso politiko eta sozialaren bidez, Gasteizen inflexio-puntu bat markatu zuen alkatea dugu, eta hiriarekiko zuen ikuspegi aurrerakoiak estatukoa ez ezik nazioarteko arreta ere piztu zuen. Cuerdarekin estuki lan egiteko aukera izan zuten guztiek, baita haren borrokak urrutitik jarraitu zituztenek ere, miretsi zuten euren alkatea eta miresten jarraitzen dute. Hau horrela izan zen, Cuerdarengan herritarrak errespetatzen zituen funtzionario publiko bat ikusten zutelako, hiriko biztanle bakoitzaren eskubideen aldeko borrokalari bat. 

Ez dut bere lorpenen zerrenda azalduko, baina bai azpimarratuko hiri inklusibo, ireki eta kosmopolita baten alde modu nekaezinez borrokatu zuela, muga ideologikoetatik eta aurreiritzietatik libre. Iñaki Gabilondo kazetari ezagunak behin esan zuen bezala, Cuerdak hauteskundeak irabaziko zituen Irakurleen Zirkulutik – Círculo de Lectores- aurkeztu izan balitz ere. 

Badaukat anekdota bat, Gasteizko alkate ohiarekin zerikusia duena. Urrezko Zeledon saria eman zidatenean, erroldatuta nagoen herrian ezer gutxi ezagutzen zen sariari buruz. Donostiako egunkari bateko korrespontsalak aurreko irabazleren baten izenaz galdetu zidan sariaren mailaz ideia egiteko. Cuerda aipatu nuen, nik baino hiru urte lehenago irabazi zuena. “A! Orduan garrantzitsua izan behar du!” bota zuen kazetariak. 

Jose Angel Cuerda eredu izan da, da eta izango da zerbitzu publikoko sektore korapilatsu eta labaingarrian murgildu nahi duen edonorentzat. Haren ondarea bizirik iraunaraztea ondoan eduki gintuenon esku dago.

© Josemari Velez de Mendizabal, testua; PPO, azaleko irudia

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *