miércoles, enero 14, 2026
Euskera

Osakidetza eta Bilboko Athletic

Egia da Osakidetza atzeraka doala. Karramarroen antzera, krustazoak normalean aurrera ibili arren ihes egitean isatsa erabiltzen baitute ezkutalekurantz ziztu bizian abiatzeko. Osakidetzak aukeratu du… – zer aukeratu du Osakidetzak? Zaila da galdera horren erantzuna asmatzea, ez baitugu argi ikusten zein maniobra egiten ari den EAEko osasun zerbitzu publikoa, dagoen zulo beltzetik ateratzeko. Azken hamar urteotan izandako gainbehera ilustratzeko adibide ugari eman genitzake. Eta mesedez, ez dezagun Covid sartu horretan, aitzakia bat baino ez baita.

Duela berrogei urte inguru hasi ziren Eusko Jaurlaritzaren gizarte-prospekziorako bulegoak lanean, eta zein izan da emaitza? Porrot izugarria. Ehunka milioi euro inbertitu dira… eta inork ez bide zuen aurreikusi egungo egoeraren antzeko abagune batera iritsiko ginenik, 1980koaren desberdina den adin-piramide batekin, duela berrogeita bost urtekoaren antzekorik ez duen gizarte-egitura batekin eta malgutasunik gabeko zerbitzu publikoen sistema batekin. Esaten digute medikuak beste latitude batzuetara hegan egiten ari direla lan eskaintza hobeak lortuta, euskara oztopo bat dela profesionalak erakartzeko, mediku eta laguntzaile belaunaldi berriek nahiago dutela euren buruak denbora tarte luzez ez konprometitzea… Aitzakiak, aitzakia hutsak. 

Badago futbol talde bat Euskadin —nazioarteko futbol munduan eredugarria dela diote—, bertako jokalariekin bakarrik jokatzen duena. Eta egiten dute —badakit hori— oso ondo, eta gehienen txaloekin. Baina, pentsatu al dugu lehiakorrak izateko, bertako jokalariekin bakarrik dagoen talde bat mantentzea garestiagoa dela, helburu berdinak izanda, mundu osoko jokalariekin egitea prestatzen dena baino? 

Osakidetzaren asmoa al da joko ona emango duen profesional talde bat edukitzea? Baiezkotan, badaki zer egin behar duen. Herrialde honetan ala kanpoan jaio arren, konbentzitu itzazu proiektuan sartzeko, eta — koloreetarako leialtasuna dirua baino gehiago baloratzen duten “Iribar” batzuekin batera— ikusiko duzu nola hurbiltzen diren gainerakoak fitxaketara… nahiz eta euskara ikasi behar.

© JoseMari Velez de Mendizabal, testua; PPO, argazkia

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *