Gamboa zinemaldiaren zergatia
Kultura-jarduera batek urtez urte ikusgarritasuna irabazten duenean eta emaitzek hura bultzatzeaz arduratzen direnak gogobetetzen dituztenean, bide horretan jarraitzeko nahia sendotu egiten da. Gamboa Zinemaldia neurri handi batean proiektu indibidual gisa hasi zen —Eloy González Gavilán eta lerro hauen egilea izan ziren sustatzaile nagusiak—, baina, ordutik, urte osoan ilusioz lan egiten duen talde konprometitua osatu du, eta nabarmen zabaldu du bere jarduera eremua.
Gamboa Zinemaldiak bere lekua egin du hasiera batean pentsaezinak ziren esparruetan. Haren helburua da hodeiertzak zabaltzen eta emaitzak hobetzen jarraitzea. Gure eskualdeko ingurumen-oreka hauskorraren erakusgarri izatea: horixe zen Gamboa Zinemaldiaren jatorrizko xedea. Gaur egun ere horri eusten dio, jaialdiak bere eremua zabaltzen duen bitartean eta gure gizartean kontzientzia ekologikoak duen garrantzia azpimarratzen jarraitzen duen heinean.
Gure ahaleginak merezi duela eta —gu geu ere parte gareneko natura babestu beharreko ondasun paregabe eta ezinbestekoa denez- eguneroko erasoetatik babestu premia transmititu ahal izateko itxaropenarekin egiten dugu lan. Aurten Gamboa Zinemaldiak oso programa interesgarria aurkeztuko du, euskal ekoizpenen proportzio nabarmen handiagoarekin, Zinemaldiaren beraren beste helburu bat indartzen duena: dokumental-esparruan diharduten euskal zuzendari, gidoilari eta ekoizleei aukera eskaintzea.
Irailaren 26an Uribarri Ganboan dugu hitzordua naturazaleok.
© Josemari Velez de Mendizabal, testua eta argazkia


