martes, junio 23, 2026
Euskera

Arrakastatsua I Sabin Salaberri Habanerak Jaialdia

Uribarri Ganboako I Sabin Salaberri Habanerak Jaialdia arrakasta itzela izan zen, herriko eliza jendez gainezka zegoelarik. Ekainaren 20ko arratsaldean egindako ekitaldiak Arabako herri txiki honetako musika erakusketa honen estreinaldia markatu zuen, Ganboa Kultura Elkarteak antolatuta.

Iragarritako hiru abesbatzek –Gasteizko Amalur eta Kanta Berri, eta Aramaioko Bizente Goikoetxea– txalo zaparrada luze eta sutsuak jaso zituzten publikoaren aldetik, habaneraren erakargarritasun zalantzaezina erakutsiz. 

Hala ere, tamalez, hutsune garrantzitsu bat izan zen: Sabin  Salaberri gaixorik sentitu zen aurreko egunean eta ezin izan zen bertaratu, bere ilusio eta hilabetetako lan handia izan arren. Bere konpromisoaren erakusgarria da, abesbatzek Salaberriren beraren konposizioa, “Galtzaundi”, abestu zutela, eta Aramaioko maisuak azken unera arte lan egin zuela Sebastian Iradierren “La Paloma”-ren piano moldaketa batean. Bizente Goikoetxea abesbatzak espresuki Sabinentzat moldatutako abesti bat kantatu zuen.

Hiru abesbatzek elkarrekin kantatu zuten azken pieza gisa, eta aurreikusitako zuzendaria etortzerik izan ez zuenez, Arturo Gonzalez de Lopidanak hartu zuen gidaritza, Maite Gomez Amalurreko zuzendariak pianoan lagunduta. Felipe Zelaieta bertsolariak bertso hunkigarri bat eskaini zion Sabini.

Bere izena daraman eta Uribarri Ganboarekin lotura estua duen Sabin Salaberri arabar musikariaz harro dago Uribarriko Habanerak Jaialdia, hurrengo edizioetan ere aramaioarraren goiburua izango duena.

Abesbatzek zenbait oroikailu jaso zituzten antolatzaileen aldetik, Uribarri Ganboan estreinako  aldiz gauzatutako jaialdia gogora dezaten. Sari berezia ere izan zuen Bizente Goikoetxea abesbatzak, honako hau Urrezko Zeledonak elkarteak eskainia, jaialdian euskarari babes egokia emateagatik. Halaber, Jaialdiak beste opari bat izan zuen Sabin Salaberrirentzat, errealitatea bilakatzen aurkeztutako atxikimendu osoarengatik.

Aspaldiko ametsa gauzatu da, hots, Uribarri Ganboako urtegiaren ertzean itsas-kutsua duen musikari aukera eskaintzea zaleen gozamenerako.  Gogo denean aldaparik ez, dio atsotitzak, eta beste behin frogatu da egia dela, Ganboa Kultura Elkartearen moduko giza kolektiboak urrats sendoz eta ilusio handiz diseinatu baitzuen lehen agerraldi hau eta emaitzak merezi izan duela erakutsi du. Antolatzaileek biziki eskertu nahi diete hiru abesbatzei, sostengua eman duten erakunde publiko zein pribatuei,  jaialdia hedatu duten medioei, eta Uribarri Ganboako elizaraino larunbatean hurbildu zen publikoari.

Jaia mokau txiki batekin amaitu zen, hiru koroak ostera ere kantu bizian elkarturik.

GKEren arduradunak hasi dira hurrengo edizioaren lehen zirriborroa prestatzen.

© Josemari Vélez de Mendizabal, testua, bideoa eta argazkiak

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *